Centro Cultural
Montehermoso
Kulturunea

Erakusketak

Komisario Berriak

«... tokiren batean finkatzeko behin-behineko modua behintzat» erakusketa Komisario berriak programaren emaitza da; programa Donostia 2016 Fundazioaren ekimena da, Artiumekin eta Montehermosorekin (Gasteiz), Azkuna Zentroarekin (Bilbo) eta Tabakalerarekin (Donostia) lankidetzan, komisario berrien trebakuntzari babesa emateko.

Bilboko Azkuna Zentroan egon ostean, erakusketaren bigarren zatia Gasteizko Montehermoso Kulturuneara iritsi da Artium zentroaren eskutik, lan eta jarduera berriak gehituta. Lorategia behin-behineko eta askotariko harreman-toki modura ageri da erakusketan; hala bada, metafora horretaz baliatuta, honako artista hauen lanak aurkezten ditu: Emilio Araúxo, Pedro Barateiro, Zigor Barayazarra, Josu Bilbao, Lúa Coderch, Janice Kerbel, Irene Kopelman, Louisa Martin, Amaia Molinet, Eriz Moreno, Enrique Radigales, Rodríguez-Méndez, Eulàlia Rovira & Adrian Schindler eta Tina Vukasoviç.

Ibilbide luzeko eta ibilbide ertain edo hasiberriak diren artisten 14 lan dira orotara, aurretik Euskal Herrian erakutsi gabeak gehienak.

Erakusketa honetarako berariaz sortutako bi lan ere egongo dira ikusgai, Bermeoko Josu Bilbao eta Kroaziako Tina Vukasoviç artistek eginak.

Honen bidez amaiera emango zaio komisario berriek izen bereko proiekturako pentsatutako erakusketa-sortari. Lehena abenduaren 14tik urtarrilaren 22ra bitartean egin dute Bilboko Azkuna Zentroan, eta bigarrena otsailaren 28ra arte egongo da ikusgai Montehermoso kulturunean.


Erakusketa

Lorategia, hemen, behin-behineko kontakturako eremu gisa ageri da, eta desberdintasuna adierazten du: lorategi baten moduko erakusketa, behin-behineko harreman ugariren tokia. Lorategiaren ideiari heltzeko hamaika modu eskaintzen dituzte erakusketako lanek:

Erakusketari izena ematen dion Lúa Coderch artistaren bideoan, esaterako, honakoa ikusiko dugu: geure burua naturatik babestu nahi badugu ere, natura bera da babesten gaituena. Lurraldearen bizigarritasuna arakatzeko nahiak bultzatzen du Amaia Molineten lana ere. Louisa Martinek, berriz, aniztasun eta ezberdintasunera jotzen du autismoari buruzko ikerketan. Eta itsasoko eta lehorreko ekosistemen arteko hastapeneko mundua diren mangladiei buruzko hainbat marrazki aurkeztu ditu Irene Kopelmanek.

Erakusketan desagerpenak, hondamendiak, amodioak, heriotzak eta zaintzak bat egiten dute. Rodríguez-Mendezen proiektuan bezala, zeinetan artistaren amak aitaren neurriko jantziak egiten dituen, ostean pakete batean sartu eta hilero semeari bidaltzeko. Zaintzarekin eta desagerpenarekin lotutako ideiak Emilio Araúxo filosofo, poeta, etnologo eta itzultzailearen obran ere ageri dira, desagertzen ari diren munduei –nekazariena kasu– erreferentzia eginez. Zigor Barayazarrak, berriz, bizitza organikoaren zaintza eta ogiz egindako hondakinak izan daitezkeenak uztartzen ditu. Zaintzak eta desagerpenak Tina Vukasoviç artistak lorez egindako hileta-alfonbran ere oihartzuna dute.

Lorategiko aniztasunaren bizikidetzarako potentzialak ez du naturaren irudi idealizatu bat eskaintzen. Ez begirada ezta paisaia ere ez dira errugabeak, Enrique Radigalesen Paisaje archivado diapositiba-proiekzioak gogorarazten digun bezala. Edota botere feudalak lurralde bat menderatzeko eraikitako mendixkei Adrian Schindler eta Eulàlia Rovirak eskainitako filmak. Pedro Barateiroren bideoan, palmondo baten mozketak eta austeritatearen aurkako manifestazio baten soinuak –natura-kultura alborakuntza– gaurkotasunari forma ematen diote. Bestetik, Eriz Morenok partzialki abandonatuta eta naturak janda dagoen Alemaniako autobide inperial bat zeharkatzen du.

Azkenik, Josu Bilbaoren hormako esku-hartzeak, aldi berean jarraipena eta bitartea denak, etentzat hartzen du lorategia. Janice Kerbel artistaren antzera, azken honen soinu-lanak espazioa gainezka betetzen eta eteten baitu arratsaldero.


Komisario berriak

Parte hartu duten hamar komisario berrien taldea urtearen hasieran hautatu zen deialdi ireki batean, Europako toki desberdinetako 70 hautagai baino gehiagoren artean. Proiektua, komisarioaren funtzioa itzultzailearenarekin lotzen duen paradigma abiapuntu, «lorategian» abiarazi da, figura poetiko eta antolamendu-figura gisa, komisarioaren praktikari buruzko aurrez aurreko hainbat topaketari eta lan-metodologia kolektibo bati esker.

Honako hauek dira proiektu horretan parte hartzen ari diren komisario berriak: Valerio del Baglivo, Ángel Calvo Ulloa, Irati Irulegi, Laura Díez, Leyre Goikoetxea, Natasha Kadin, Pilar Cruz, Iker Hidalgo, Sonia Fernández Pan eta Juan Luis Toboso. Horiek Aimar Arriolaren koordinaziopean eta Tamara Díaz Bringas eta Sabel Gavaldón komisario gonbidatuek aholkatuta lan egin dute.

Horiek guztiek Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan egindako laborategietan parte hartu dute, eta taldean lan egiteko metodologiak probatu dituzte, komisarioaren funtzioa itzultzailearenarekin lotzeko ohitura gainditzeko asmoarekin. Eta prozesuak lorategiaren figura ekarri du, komisarioen praktika pentsatzeko eredu posible gisa. Lorategia, hemen, behin-behineko kontakturako eremu gisa ageri da, eta desberdintasuna adierazten du: lorategi baten moduko erakusketa, behin-behineko harreman ugariren tokia.

© 2016 ideolab. Todos los derechos reservados | Pribatutasun-politika | Cookies | Legezko Oharra
Cookieak darabiltzagu webgunearen erabileraren gaineko estatistiketarako. Nabigatzen jarraitzen baduzu, onartu egiten dituzula ulertuko dugu.
EZ DITUT ONARTZEN - ONARTZEN DITUT COOKIEAK