Centro Cultural
Montehermoso
Kulturunea

Jarduerak Montehermoson


KODE IREKIAREN KULTURA: EZAGUTZARA SARBIDE LIBREA IZATEKO TRESNAK

2012ko ekainaren 5etik 7ra, 19:00etan
Sarrera doan edukiera bete arte

Aldaketen garaia da. Egungo produkzio eta kontsumo-ereduak aldatu nahi dituzten korronteak indartzen ari dira. Ezagutzaren alorrak ere izan du horren eragina. Gero eta gehiago dira klasikoaz bestelakoak diren jakintzarako sarrera eta produkzio-ereduen alde egiten duten ahotsak. Ezagutza irekiagoa, parte-hartzaileagoa, askeagoa.

Ezagutzako produkzioaren eta kontsumoaren arteko loturak noranzko bakarrekoa izateari utzi dio eta joan-etorriko, etorri eta joaneko, bide zirkular bihurtu da. Sarean lan egitea, partaidetza eta lankidetza-prozesuak sustatzea, ideiak bateratzea, baliabideak eta ezagutzak partekatzea... hori guztia lankidetza guztion onerako izan dadin eta denok etekina atera dezagun, bai emaitzetatik, bai prozesutik bertatik. Jakintza ikasten jarraitzea ahalbidetuko digun guztion ondasun gisa bultzatzea.

Jardunaldien xedea herritarrei lankidetzaren, irekitzearen eta denon onuraren filosofia partekatzen duten tresnak hurbiltzea da. Tresna teknologikoetatik hasi –software librea edo kode irekikoa, esaterako– eta denon onerako diren lankidetza eta/edo proiektuen finantziazio kolektiboko ekimen zehatzetaraino.

Ezagutzarako elkargunea izango da, non iritziak alderatu ahal izango diren hizlari eta publikoaren artean. Hala ere, gerturatu ezin direnentzat, jardunaldiak web honen bitartze streaming bidez zabalduko direla jakinarazten diegu.


software libre

-- EKAINAREN 5A, 19:00 ETAN

Amaia Maestre Larrad. Montehermoso Kulturuneko Dokumentazio Zentroko arduraduna.
Jardunaldien aurkezpena

Daniel Armendariz. Ekintzailea eta teknologia libreko berrikuntza-ereduetan aditua. Gaur egun, SALEko, Eusko Jaurlaritzako software librearen bulego teknikoko, koordinatzailea da.
Software librea: ezagutza kudeatzeko modua.
Armendarizek software librearen kontzeptuan oinarrituko du hitzaldia, historiaren errepasoa egingo du, jatorritik gaur eguneraino eta gure bizitzetan izandako inpaktua aztertuko du, arreta berezia eskainita softwarerako sortutako eredua sarean zabaltzeko moduari, egun sortu diren gobernu irekiko ereduetara iritsi arte. Software librearen kontzeptuarekiko hurbilketa, ezagutza kudeatzearen garrantzia eta hedapen librea.


-- EKAINAREN 6A, 19:00etan

Aitor Lopez de Aberasturi. Dinux proiektuko arduraduna (Diocesanas).
Dinux, hezkuntzaren alorrera aplikatutako Linux-en banaketa baino gehiago.
DINUX (Linux eta Diocesanaseko “D” eredua batzetik) Diocesanasek 2006az geroztik garatutako hiru hizkuntzako (euskara, gaztelania eta ingelesa) sistema eragilea da eta hezkuntzaren alorrean ordenagailuarekin lan egiteko behar guztiak asetzen dituzten 900 programa baino gehiago ditu. Gaur egun Diocesanaseko 140 ordenagailu baino gehiagotan, lau mediatekatan eta bost ikasgelatan instalatuta dago eta, horrez gain, beste ikastetxe batzuetara zabaltzeko hedapen-prozesuaren erdian dago, hezkuntzaren alorrean kode irekiko softwarearen erabilera sustatzeko.

Juanan Pereira. Bilboko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolako irakaslea (UPV/EHU).
BabeliumProject: hizkuntzen ahozko praktikarako eta elkarrekin lan egiteko kode irekiko aplikazioa.
Babelium proiektua Donostiako Informatikako Fakultatean sortu zen duela bi urte, bigarren hizkuntzetako ahozko adierazpena praktikatzeko sistema irekia eraikitzeko xedearekin, horretarako, bideo interaktiboak erabilita. Egun euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko ahozko adierazpena praktikatzen duten milaka erabiltzaile ditu. Erabiltzaileen kolaboraziozko ebaluazio-sisteman oinarritzen da, horrela, lan komunitarioa eta ezagutza bateratzea bultzatzen du. Partaidetza eta lankidetza bultzatze aldera, kreditu-sistema erabiltzen da (ez ekonomikoa) sistemari eskatzen zaionaren eta horrek eskaintzen duenaren arteko oreka lortzeko.

Ainara Perez. Sareguneko arduraduna.
Saregune, software librearekin esperientzia Alde Zaharrean.
Saregune teknologia berrien erabilera parte-hartzailea Gasteizko Alde Zaharraren dinamizazio sozialerako tresnatzat bultzatzen duen proiektua da eta, horrez gain, pertsona guztiek teknologia berrietarako sarbidea izatearen alde egiten du, prestakuntzarako eta informaziorako iturri gisa. Arraila digitalaren haustura interesgunetzat hartuta, Saregunek beste “arraila” batzuk apurtzea du xede (kultura artekoak, bizilagun artekoak, elkarte artekoak, hezkuntzakoak, harremanetakoak...); horietan teknologiaren hurbilketak eta erabilerak gainditu beharreko izaera instrumentala du, aldaketa sozialaren planteamendutik. Jardueren izendatzaile komuna kode irekiko softwarea da, herritarren eta elkarte-ehunaren esku jarrita prestakuntza-eskaintza libre eta doakoa, era berean libreak eta doakoak diren aplikazioetan oinarrituta.

Amaia Maestre Larrad. Montehermoso Kulturuneko Dokumentazio Zentroko arduraduna.
Software librea Montehermosoko liburutegi-kudeaketarako eta erabilera publikorako
Montehermoso Kulturuneko Dokumentazio Zentroak guztira abiatze bikoitzeko (Ubuntu-Windows) informatikako hemeretzi postu eta software libreko aplikazio ugari ditu publikoaren eskuragarri. Kode irekiko teknologia berrietara hurbiltzeko eremua da. Horrez gain, kode irekiko aplikazioaren KOHA liburutegi-kudeaketako programa duela gutxi abian jartzeak liburutegiko langileen eta erabiltzaileen beharretara egokitzeko tresna malguagoa izateko aukera ekarri du.


-- EKAINAREN 7A, 19:00etan

Enric Senabre Hidalgo. Community manager eta Goteo.org plataformako lanen arduraduna
Goteo.org. Guztion onerako finantziazioa ADN irekiarekin.
Goteo.org 2011ko azaroan sortu zen prokomuna bultzatu eta taldearentzako onura bihurtuko diren sormen arloko proiektuekin elkarlana egiteko eta guztien artean finantzatzeko sare sozial gisa. Proiektu hau Kataluniako Platoniq.net kolektiboak bultzatu zuen eta finantzaketa kolektiboko edo crowdfunding-eko eredu klasikoa baino zerbait gehiago da; izan ere, balio erantsi gisa biltzen du banatutako lankidetza (lanak egiteko laguntza, eta materiala edo azpiegitura mailegatzea) eta proiektu bakoitzaren alde irekia ezagutarazten du (kode irekiko edo libreko tresnak, informazioa, ezagutza edo gizarterako esanguratsuak diren artxiboak partekatzeko eskaintzen duen aukera).



© 2016 ideolab. Todos los derechos reservados | Pribatutasun-politika | Cookies | Legezko Oharra
Cookieak darabiltzagu webgunearen erabileraren gaineko estatistiketarako. Nabigatzen jarraitzen baduzu, onartu egiten dituzula ulertuko dugu.
EZ DITUT ONARTZEN - ONARTZEN DITUT COOKIEAK