2013ko uztailaren 12tik urriaren 6ra. 1. Solairua
Celia Eslava (Iruñea, 1955)
'Jolas eremu'
Proiektu artistiko hau bi elementutan oinarritutako instalazioa da: norberaren espazioaren okupazioa batetik; jolasa bestetik, haurtzaroan haurra ingurunearekiko hurbilarazten duen, eta besteekin harremanetan jartzen laguntzen duen bitarteko natural gisa ulertuta.
Jolasa bakarkakoa edo taldeko izan daiteke. Sarritan, jolasek helduen portaerak imitatzen dituzte: neskek panpinekin jolasten diren bitartean, mutikoak lehian aritzen dira elkarren artean.
Jolas-gune hau haur-jantziez eta jolas-objektuz osatzen da. Bertan eskala errealean osaturiko bost irudi daude, altzairuzko xaflez eta ehungailuko orratzez eginak, haurren jantzien adierazpen. Formalki lerro-marrazki bidez osatu ditut, egitura iradoki asmoz, egitura hori pertsona helduaren oinarri baita.
Jolas-objektuak portzelanazkoak dira. Lehengaiak berak haurtzaroak berezko dituen hainbat kontzeptu eskainiko dizkigu, esaterako: orri zuria, inozotasuna, hauskortasuna eta –aldi berean– erresistentzia. Eskala erreala baino handiagoan egin dira objektu hauek, arreta jolasaren esangurara bidera dezagun. Tortoloxak, zibak, soka-saltorako sokak eta boloak ekarri ditut.
Azkenik, portzelanaz eta ehunez osaturiko beste ale bat, eskegita; formalki dantzari baten jantzia da. Haurtzaro idealaren irudia iradokitzen dit, printzesa txiki maitearena, helduen desioetan hain presente egonagatik, sarritan errealitatean hutsaren hurren den irudia alegia. Izan ere, bizitzaren beste aldi guztiak bezala, haurtzaroa ere hainbeste aldaeren menpeko baita!!!
Jolas-objektuen kokapen fisikoaren bitartez haurrek jolasean aritu eta harremanetan jartzeko lekuen ideia islatu nahi izan dut. Instalazioaren soinu-paisaiak haur-jolasaren ideia sendotzen lagunduko du.