2013ko uztailaren 12tik urriaren 6ra. 1. Solairua
'120'
Eskultura- eta soinu-instalazioa da “120”: portzelanazko 120 piezaz osatzen da, 120 botilez alegia, bai eta ahotsa entzun arte hausnarketa eta erretiroan emaniko 120 egunez ere.
Erakusketak itsaso zabalean hara-hona dabilen botila jakin batean galduriko mezuaren oihartzuna ekarri nahi dio ikusle-entzuleari, gero eta urrunago doan mezuarena, harik eta zerumugaren lerroarekin bat egiten duen arte, oroimenarenarekin bat, ahanzturarenarekin.
Espazioa bete dute botila horiek, lerro amaigabe bat sortu arte, zerumuga alegia. Botilek soinuzko lanbroa osatzen dute, xuxurlazkoa… harik eta ikuslea botiletako bakoitzera hurbiltzean, bere barnean daramaten mezua (hitzezkoa, adierazpenezkoa, askapenezkoa...), zeinek berea, argi eta garbi entzungo duen arte.
Botilarena baino forma egokiagorik! Botilaren itzala, idazle erromantikoen inspirazioiturri itzel. Bai eta, mendez mende, beren bizia botilaren eta itsasoaren apetaren menpe uztearen ametsa izan duen ororena ere.
Portzelanaz eginiko botilak dira, hots, jakinduriaz, historiaz; hautsetik sortu eta alez ale, gizakiari atzemangaitz egiten zaizkion une zoragarrien berri gordetzen duen material hain berezi horretaz.
Norbanakoaganako sarbidea, bai eta bere barne intimoaganakoa ere. Mezua daraman botila arima aske uztea da, bai eta, funtsean, mezu bat igortzea.
Mezu askatuaren aukera anitzak: delako mezua irits daiteke, edo ez; bidean gal daiteke, edo adierazi duenaren kontzientzian geratu.
Baina beti geratuko da haren oroimena, denboran utzi duen aztarna