Centro Cultural
Montehermoso
Kulturunea

Erakusketak


GUDU-ZELAIAREN HEDAPENA

2014ko uztailaren 17tik irailaren 28ra. 1. Solairua

Leticia Gaspar

Bilbon bizi da, eta bertan lan egiten du. Gaur egun, pinturari buruzko doktorego-tesiaren idazketa bukatzen ari da.

Heteroceros, 2014
9 pinturako saila, teknika mistoa.

Leticia Gasparren lan plastikoak gaur egungo hiri-ingurunea aztertzen du, eta erabiltzen duen figurazioak bereziki azpimarratzen du baliabide piktorikoen, argiaren, konposizioaren eta kolorearen erabilera. Heteroceros sailak (sitsen edo gaueko tximeleten izen zientifikoa) artistak ikusi dituen toki batzuen bilduma irudikatzen du, New Yorken hasi eta Lekeitioraino, Indonesiatik igarota. Toki horietan, argi-iturri artifizial baten bidez egituratzen da espazioa –kaleargi, faroltxo, iragarki argitsu edo bonbilla batez–, eta tratamendu plastikoak areago indartzen du. Azal piktorikoak agerian uzten ditu espazio eta pinturari forma emateko izan diren prozesu paraleloak, eta lineala ez den jokaera organikoa adierazten du. Hainbat geruza jartzen dira gainean, pintura ezartzeko hainbat modu, hainbat akabera-maila, eta arkatz- edo kreta-marrak, aldaketak uzten dituzte agerian.

Toki horiek, latitude desberdinetako bereizgarriak erakutsi arren, erraz ezagutzeko moduko hiri-hiztegi global jakin batekoak dira: gaueko jatetxe bateko sutegiak, gaizki argiztatutako aldamioak, merkatuko saltoki baten barrualdea edo sex-shop batena. Gaueko eszenak eta jarduerak nagusitzen dira; eta arrotz den osagai bat tartekatzen du toki horietan, adi dagoen begiradak baizik ezin ikus dezakeena: beste testuinguru batzuetako publizitateko idazpuruak, beste narratiba batzuetako iragarkiak eta mezuak, itxuraz familiarra den espazioaren eredua ezagutzea zailtzen duten trabak. Aztarna bitxi horiek sartuz, pinturaren agertokira eta bere interpretazio-esparrura bideratzen du arreta, eta ihes-ildoak sortzen ditu berez urrunak diren beste eremu batzuetarantz.

Leticia Gaspar
© 2016 ideolab. Todos los derechos reservados | Pribatutasun-politika | Cookies | Legezko Oharra
Cookieak darabiltzagu webgunearen erabileraren gaineko estatistiketarako. Nabigatzen jarraitzen baduzu, onartu egiten dituzula ulertuko dugu.
EZ DITUT ONARTZEN - ONARTZEN DITUT COOKIEAK