Centro Cultural
Montehermoso
Kulturunea

Erakusketak


WORLD PRESS PHOTO 2014

2014ko urriaren 14tik azaroaren 13ra, Ur Biltegia

Hamabigarren urtez jarraian, munduko prentsa-argazkilaritza lehiaketa entzutetsuena, World Press Photo, Vitoria-Gasteizen izango da ikusgai, eta iaz bezala, oso gune aproposean gainera: Montehermoso kulturunean dagoen Antzinako Ur-biltegian.

Erreportari grafiko profesionalentzako lehiaketa honen inguruko kopuruek ikusgarriak izaten jarraitzen dute eta zeinen garrantzitsua den islatzen. Aurtengo lehiaketara —berrogeita hamazazpigarrena— 132 herrialdetako 5.754 kazetarik egindako 99.000 argazki aurkeztu dira. Eta 25 nazionalitatetako 53 argazkilarik jaso dituzte sariak. Montehermoson izango den erakusketa 45 herrialdetako 100 hiritan izango da ikusgai urtean zehar, besteren artean munduko hiriburu nagusienetan. Eta ohi den moduan, milioi bat pertsonak baino gehiagok ikusiko dute.

Argazki-erakusketa hamar sailetan dago antolatuta: argazki irabazlea, gaur egungo gaiak, eguneroko bizimodua, gaurkotasun gaiak, gaurkotasun albisteak, jendea bere ingurunean, erretratuak, natura, kirol-ekintzak eta kirol-kronikak. Eta hainbat gai jorratzen ditu: gudak, etxeko indarkeria, antolatutako delinkuentzia, gaixotasunak gainditzea, hondamendi izugarriak, pertsonaia zein jarrera bitxiak eta naturarekin nahiz ingurumenarekin lotutako istorioak.

2013an ia 9.000 pertsonak ikusi zuten WPP erakusketa, eta haietako zenbaitek egindako iradokizunei jarraiki, aurten ordutegia zabalagoa izango da, eta Ur Biltegi Zaharra irekita egongo da 18etatik 21etara igande eta jai-egunetan.

Ordutegia, urriaren 14tik azaroaren 13ra: Asteartetik igandera eta jai-egunetan, 11etatik 14etara eta 18etatik 21etara. Astelehenetan itxita.

John Stanmeyer, 2013. WPP13
JOHN STANMEYER, 2013. Lehenengo saria

World Press Photoren aurtengo irabazleak John Stanmeyer estatubatuarra eta "Seinalea" argazkia dira. Irudian, etorkin afrikar talde batek sakelako telefonoentzako estaldura bilatzen du, Yibutiko kostaldean. Afrikako Adarrean gauez egin zen argazkian, pertsona-multzo batek bere senideekin hitz egiteko egiten duen ahalegina jasotzen da. Iragaitzezko-gune batean daude: somaliarrak, etiopiarrak eta eritrearrak pasa ohi dira bertatik, Europara eta Ekialde Ertainera bidean, bizitza hobearen bila. Irudiko pertsonek gailuak alde batetik bestera mugitzen dituzte mugaz bestaldeko Somaliako seinale merkea hartu ahal izateko. Irudiaren sinbolismoa arlo askotakoa da, informatibotik hasi eta estetikora, ikusleari iradokitzen dizkion interpretazio anitzak barne.

Stanmeyer VII Photo Agency-ren kide sortzaileetako bat da, hainbat urtetan Periscopion, Vitoria-Gasteizko prentsa-argazkilaritza jaialdian, parte hartu izan duena.

© 2016 ideolab. Todos los derechos reservados | Pribatutasun-politika | Cookies | Legezko Oharra
Cookieak darabiltzagu webgunearen erabileraren gaineko estatistiketarako. Nabigatzen jarraitzen baduzu, onartu egiten dituzula ulertuko dugu.
EZ DITUT ONARTZEN - ONARTZEN DITUT COOKIEAK