Centro Cultural
Montehermoso
Kulturunea

Erakusketak


Barru[tik] kanpo[ra].

2016ko uztailaren 7tik irailaren 4ra. 1. Solairua

Oier Gil (Irun, 1990)

Pirinioen ezabaketa, 2016

Statement
Oier Gil artista kritiko eta kontzeptuala da. Artea gizartearen isla dela onartuta, artearen eginkizun kritikoak statu quo soziopolitikoa aldatzen eta hobetzen duelako uste osoa dauka. Kaleari begiratzen dio eta hodeia aztertzen du. Bere arteak zalantzan jartzen ditu desorekaren eta kontakizun menderatzailearen alderdiak, giza-dinamismoaren alde eginez, aldaketarako eta pentsamendu kritikoan ahalduntzeko borrokarantz bideratzeko hori. Azken aldian, bere doktore tesiaren inguruko sorkuntzan eta ikerketan dabil buru-belarri. "Transmedia artea krisi espainiarrean protesta soziopolitikoa artikulatzeko mintzaira berri gisa" da doktore tesiaren izenburua.

Biografia
Arte Ederretan lizentziatua da, eta masterra dauka Arte Digitaletan. Egun, Publizitatea, Marketina eta Social Media Graduondokoa egiten ari da, eta, aldi berean, Arte Garaikidearen Ikerketa doktore tesiarekin dabil lanean. Berlinen PSJM talde artistikoarekin egon ondoren, panorama artistikoan azaleratu zen Ameriketako Estatu Batuetan, Frantzian, Alemanian, Ekuadorren, Guatemalan, Argentinan eta estatu espainiarrean erakusketak eginez. Vitoria-Gasteizko Artium museoa, TEA Tenerifeko Espacio de las Artes, Madrilgo La Casa Encendida, Berlineko Whiteconcepts galeria eta Bilboko BBVA fundazioa bezalako espazioetan erakutsi du bere obra.

Proiektua
Pirinioen ezabaketa (Tachado del Pirineo)
, 2016
Tamaina / Neurriak: aldakorra.
Teknika: Instalazioa
Mugen zentzugabetasunaren ingurukoa da Pirinioen ezabaketa.
1659an, Pirinioetako Hitzarmena sinatu zen Konpantzian -munduko agintekidetza txikiena da eta Bidasoa ibaian dago, Irunen eta Hendaiaren artean-. Hitzarmenak, beste erabaki batzuen artean, Pirinioetan ezarri zuen Espainiako eta Frantziako erresumen arteko muga.
Mugakidetasunak ezaugarritzen du Bidasoa ibaiaren erdigunean dagoen irlaren ingurunea. Politikoki espainiar eta frantses estatuen artean erdibana kudeatzen bada ere, egunerokotasunean monumentua duen lur zati txiki bat besterik ez da Konpantzia, Irun eta Hendaiaren artean dagoena, Gipuzkoaren eta Lapurdiren artean, Behobia eta Pausu auzoen artean.

Bada, proiektuak sinbolikoki ezabatu du hitzarmen horren sinadura, bi ekintzaren bidez:
Lehenengo ekintzan, txalupa batekin joan da irlara, oihal beltz batekin estaltzera monumentuak daukan hitzarmenaren oroimenezko idatzia. Estalitako monumentuak inauguratu ez den monumentuaren itxura hartzen du; hots, indarrean ez dagoen hitzarmenaren itxura.

Bigarren ekintzan, liburu bat maketatu da 1659ko hitzarmenean idatzitako benetako edukiarekin, eta 146 orrialdeetako hitz guztiak ezabatu dira, bideoan grabatuz. Idazketaren aurkako ekintzatzat jotzen da ezabaketa.

Azkenik, ezabaketari egindako monumentuaren itxura duen instalazio batean egiten dute bat bi ekintzek. Monumentua estaltzeko erabilitako oihal beltzak, ezabatutako hitzarmenaren liburuak, monumentuari tela gainean duela ateratako argazkiak eta liburua ezabatzeko ekintza erregistratu duen bideoak osatzen dute instalazioa. Erregistroko objektuak denboraren arabera daude irunda, hurrengoarekin lotuz ekintza bakoitza. Monumentua estaltzen duen oihala mahai-zapi gisa erabiltzen da hitzarmena ezabatzeko mahaiaren gainean.

www.oiergil.com
© 2016 ideolab. Todos los derechos reservados | Pribatutasun-politika | Cookies | Legezko Oharra
Cookieak darabiltzagu webgunearen erabileraren gaineko estatistiketarako. Nabigatzen jarraitzen baduzu, onartu egiten dituzula ulertuko dugu.
EZ DITUT ONARTZEN - ONARTZEN DITUT COOKIEAK