Centro Cultural
Montehermoso
Kulturunea

Erakusketak


Barru[tik] kanpo[ra].

2016ko uztailaren 7tik irailaren 4ra. 1. Solairua

Abel Jaramillo ( Badajoz, 1993)

Hondartza, 2016

Statement
Espazio ezberdinak ulertzeko eta horietan egoteko ohiko logika asaldatuko edo irauliko duten estrategien bilaketa da nire lana. Ohiko tokietan gertatzen diren inplikazio politikoak interesatzen zaizkit, etxean proiektatzen diren kontu sozialak, historia eta horren (des)testuinguruak, bazterretako kontakizunak. Egoeren, testuen eta irudien bidez, hainbat elementu eta narrazio aldatzen ditut, testuingurutik ateratzen ditut, berreraiki egiten ditut eta neureganatu, irakurketa berriak sortzeko. Diziplina aniztasun horretan, subjektuaren eta espazioaren zein poesiaren eta ekintzaren arteko harremana aztertzen dut.

Biografia
Meridako Arte eta Goi-mailako Diseinu Eskolan ikasi nuen (2009/2011), eta, gero, 2015ean, Cuencako (UCLM) Arte Ederren Fakultatean graduatu nintzen Arte Ederretan. Lisboako Unibertsitatean Erasmus egonaldia egin nuen 2013/2014 ikasturtean. Egun, Arte Garaikide, Teknologiko eta Performatiboa Masterra ari naiz egiten Euskal Herriko Unibertsitatean. (UPV/EHU).

Hainbat erakusketa indibidual eta kolektibotan hartu dut parte; besteak beste, Extendido II Festival de Arte Emergente Ciudad de Cuenca (Cuenca, 2013), Espacio sin fronteras (Durango, Mexiko, 2015) edo Paso prematuro * otros espacios. para/sobre/hacia, (Lamosa, Cuenca, 2015). Hainbat saritan eta deialditan hautatu naute, adibidez, III Encontro de Artistas Novos (Santiago de Compostela, 2013), II Micro Residencia Cuartel de Azuqueca (Azuqueca de Henares, Guadalajara, 2015) edo XXVII Premio de Artes Plásticas Fernando Zobel (Cuenca, 2015). 2016an, egonaldiak egiten ari naiz Bilbo Arte Fundazioan eta Histeria Kolektiboan (Bilbon).

Proiektua
Hondartza (La Playa), 2016
Tamaina / Neurriak: Aldagaiak: Argazkiak 50x70 cm (5); 50 x 35 cm (3)

Hondartzaren ideiarekin metafora egin du proiektuak; bete ez den hitz hori da hondartza, inoiz iristen ez den hitzemandako tokia. 1968ko maiatzean Pariseko matxinadetan esaten zen “Sous les pavés, la plage” esaldi ezagunetik abiatuta, toki utopiko hori da proiektuko hondartza, toki hobearen promesa faltsua, galtza-harrien azpian aurkitzen ez dugun hondartza, inoiz iristen ez den iraultza.

Horrela, hondartzarekin zerikusia duten objektu ezberdinen bidez, beste espazio batzuk eraikitzen ditut Sous le pavés argazki-seriean. Zuri-beltzean dauden bost argazkik osatzen dute proiektua, eta ahaztutako elementuei, beste garai bateko objektu zaharrei egiten diete erreferentzia; jada hondartzara joaten ez garenez, gaur erabilgaitzak diren gauza horiei. Bada, igerilekuak, soropil artifiziala, araztaileak, eskailerak eta abar dira hondartzako bizipena ordezkatzen duten objektuak; edukiko ez ditugun opor batzuen sentipena sorrarazten diguten artifizioak.

Piezetako batean, puxika beltz batzuek birak ematen dituzte haizagailu bati loturik, hainbat objektuk inguratuta. Denborak aurrera egin ahala, soka gero eta txikiagoa egiten da haizagailuaren birarengatik, eta puxikak gero eta gehiago hurbiltzen zaizkio haizagailuari. Bitartean, esaldi bat paretan idatzita: biharko eguna. Azkenik, kate bakarreko bideoa aurki dezakegu Jun(kopia)-n, koloretan eta bertikalean jarrita. Chris Markerren “Junkopia” (1981) filmaren desmuntaketa da, izan ere, San Frantziskotik hurbil dagoen portu bateko eskultura-formen hondarrak eta itxura arraroak jasotzen dira film horretan. Ildo horretan, Markerrek erregistratutako hondakin horiek biltzea interesatzen zait, eta zerbait berria egin mareak berekin eraman ez zuen horrekin, ekoizpen-garai bateko arrastoekin.


© 2016 ideolab. Todos los derechos reservados | Pribatutasun-politika | Cookies | Legezko Oharra
Cookieak darabiltzagu webgunearen erabileraren gaineko estatistiketarako. Nabigatzen jarraitzen baduzu, onartu egiten dituzula ulertuko dugu.
EZ DITUT ONARTZEN - ONARTZEN DITUT COOKIEAK