Centro Cultural
Montehermoso
Kulturunea

Erakusketak


Barru[tik] kanpo[ra].

2016ko uztailaren 7tik irailaren 4ra. 1. Solairua

Imanol Zubiauz (Zumarraga, 1989)

Leku negatiboa, 2016


Statement
Argia aldi berean iturri, eduki, material eta forma gisa erabiltzean oinarritzen da nire lana. Objektu artistikoaren mugetatik harago doan esperientzia bezala bizi dut artea, objektu hautemangarriaren zentzuan. Horregatik interesatzen zait gehiago izaera hautemangarri eta sentsoriala, jendearengan esperientzia ezberdinak sortzeko horrela.
Eskultura, bideo-mappinga eta pintura bezalako diziplina anitzak konbinatuz eraikitzen ditut obrak. Adibidez, estatikoa eta dinamikoaren arteko alboratzea, analogikoa eta digitalaren artekoa, materiala eta ukiezinaren artekoa edo pigmentua eta argi-koloreen artekoa.  Egun, nire asmoa argia hiru dimentsioko espazio batean gauzatzea da, hainbat elementuren bidez.


Biografia
Egun, bere tesia egiten ari da Ikerketa Arte Garaikidean doktoretza-programan, eta Bilboarte 2016ko lankidetza-bekarekin uztartzen du hori. Artean graduatua da, eta titulua dauka Arte Garaikide, Teknologiko eta Performatiboa Masterrean, UPV-EHUko Arte Ederretako Fakultatean. Bestalde, UPV-EHUko Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolako Magisteritzako diplomatura dauka.

2013/2014 ikasturtean, Arteversen egin zuen lan. UPV-EHUko ikasleek sortu zuten enpresa junior hori, eta publizitatea, ikus-entzunezko komunikazioa, diseinua, arteak eta informatika konbinatzen ditu. Proiektu ezberdinak egiten dituzte, bai euren ekimenez, bai enpresekin, erakundeekin eta partikularrekin lankidetzan arituz.

2013tik 2015era bitartean, produkzio-etxe txiki batean egin zuen lan, LOCKTOWN FILMSen. Horren sortzailea izan zen, beste lau kiderekin batera. Bilbon dago, eta laburmetraiak, publizitatea, bideo korporatiboak edo bideoklipak egiten ditu.


Proiektua
Leku negatiboa (Espacio Negativo),
2016
Tamaina / Neurriak: 2x2x2 cm
Teknika: Argiztapena laserrarekin.

Kubo handiago baten barruan dagoen kubo baten bidez dago eraikita instalazioa. Laser berdedun hainbat erakusleren lerroen bidez daude sortuta aipatu kuboak, eta aluminiozko egitura soil baten inguruan 90º-ko angeluetan kokatutako zirkulu-formako ispilu txikiak jotzen dituzte laserren marrek.
Friedrich Bollnow-ren hitzetan: "espazioa ez da gauzen arteko harreman-sistema, objektu batek okupatutako edukiaren mugaketa baizik, kanpotik egindakoa. Espazioa inguratzen duen bilgarri batek mugatutako zuloa da espazioa, eta objektua ezin hobeto kabitzen da bertan".

Hortaz, espazioak batzuk besteen barruan itxiko dira, guztia daukan, guztia biltzen duen espazio handiaren gaineko galderarantz doan hedapen zentrokide moduko batean. Ondorioz, ez dago espazio hutsik.

Espazio positibo eta espazio negatibo izendatu genezakeenarekin jolasteko asmoa dago. Irudiaren eta berori inguratzen duen espazioaren arteko mugak urtuz. Lerroekin, espazio bat mugatzen ari da, irudi bat sortzearekin batera.

Beste alde batetik, erakusketa-espazio batean argi-lerroen bidez kuboak mugatzeko erakusketak ikusleak "kuboa" irudi bezala kontzeptualizatzea dakar; izan ere, lerroak zeharkatu daitezkeen arren, buruan hormak sortzen dira, ikusleari bertara sartzea galaraziz. Mugaketa espazial hori zeharkatzeko eskubidea dauka ikusleak, baina, gehien-gehienetan, ikusleak ez dira kuboa zeharkatzera ausartzen, irudi plastikoarenganako errespetuagatik.

Heideggerren ustez, gorputzek betetzen duten toki hori da espazioa. Ildo horretan, gorputz edo leku batek tokia dauka beste gorputz edo gauza batek biltzen badu; bada, gauzak tokian ikusten ditugu, baina ez lekuan berez, ez bada bildu duen gauzagatik. Espazio-lekuak horrela eratzen du mundua, eta erreferentziazko zeinuen bidez sortzen eta antolatzen du, esanahia ematearekin batera.


© 2016 ideolab. Todos los derechos reservados | Pribatutasun-politika | Cookies | Legezko Oharra
Cookieak darabiltzagu webgunearen erabileraren gaineko estatistiketarako. Nabigatzen jarraitzen baduzu, onartu egiten dituzula ulertuko dugu.
EZ DITUT ONARTZEN - ONARTZEN DITUT COOKIEAK