Centro Cultural
Montehermoso
Kulturunea

Erakusketak


HASERREAREN BEGIRADA

Lida Abdul, Pilar Albarracín, Alice Anderson, Txaro Arrazola, Andrea Bowers, Kathe Burkhart, Loulou Cherinet, Dorothy Cross, Lara Favaretto, Coco Fusco, Chitra Ganesh, Caron Geary, Cristina Lucas, Tracey Moffatt, Yurie Nagashima, Itziar Okariz, Mireia Sallarès, Charlotte Schleiffert, A.L. Steiner, Sophie Whettnall.

Komisarioak: Xabier Arakistain eta Maura Reilly


Haserrearen begirada erakusketak proposatzen digu feminismoa azter dezagula  bizi garen mundua ulertzeko funtsezko jakintza-iturri gisa, eta emakumeek, eta orobat artistek hain zuzen ere, XXI. mendearen hasiera honetan jasaten dituzten bereizkeria-egoerak adierazten dituzten ikusgaietan sakontzeko nahitaezko inguru gisa.

Nazioarteko talde-erakusketa da eta biltzen dituen artelanetan hainbat kultura-ingurunetatik datozen 20 artistek hitz egiten dute sexuen arteko berdintasunaren gezurraz eta kaleratzeko aukerarik ez duen haserre biziaz. 2007an Atlantikoaren bi aldeetan artearen eta feminismoaren arteko harremanei buruz egin ziren arte-ekintzak uztartzen ditu erakusketa honek, artearen historiara sartzeko abangoardia feminista eta betetzeko geratzen diren agenda feministaren helburuak sustatzeko. Helburu horien artean dago, XXI. mendearen hasiera honetan sinesteak lanak ematen baditu ere, benetako berdintasuna lortzea bi sexuen artean.

Amelia Valcárcel filosofoak 1996an La Política de las mujeres (Emakumeen Politika) delakoan planteaturiko arazo bati egiten dio aipamena erakusketaren izenburuak. Bere ustez, begirada amorrarazia emakumeek izaten zuten erantzuna zen; emakume horiek hogeita hamar urte bete eta “berdintasunaren lilura” barneratu ondoren, berek modu ez atseginean ikasten zuten ustez gozatzen zuten berdintasuna apurtu egiten zela espero ez zuten “beirazko sabai” baten aurka talka egitean, eta horrek ez zien uzten lanean gorago heltzen. Artearen arloa ere estaltzen duen “beirazko sabai” horrekin topo egiten dute artistek beren lan-ibilbideetan.

Lehen, sexuen arteko bereizkeria soziala argitzeko, emakumeen balizko “berezko gutxiago izate” batera jotzen zen; mugimendu feministaren ondorengo ekinaldiek, eta bereziki XX. mendearen hirurogeigarren azken urteetako ekinaldiek utzi zuten hori teoriaren eta politikaren aldetik. Handik aurrera, materialki eta sinbolikoki galerazirik izan zuten zenbait jarduera-eremutara, artea kasu, emakumeak samaldaka sartzen hasi zirelarik, gauzatu egin zen gaur egun “berdintasunaren lilura” esaten diogun hori.  

Lilurakeria horren arabera aintzat hartzen da iraganeko “gaia” dela gizonen eta emakumeen arteko berdintasunik eza; hori ez dator bat eskura dauden datu ugariekin, berauek erakusten baitute bereizkeria horrek jarraitzen duela, gaur egun ere, jarduera-eremu guzti-guztietan. Esate baterako, artean, “berdintasunaren lilura”aurrera jarraitzeak espezifikoki dagokion bete beharreko agenda feminista mehatxatzen du, non eta maiz esaten den agenda ez dagoela boladan eta “moda” arazoekin parekatzen dira giza eskubideak.

Pentsamendu eta arte-praktika feministak ulertzen eta zabaltzen laguntzeko, erakusketak biltzar/ikastaro bat ere izango du eta bertan hainbat teorialarik, artistak eta kultura-eragilek aztertuko dituzte agerturiko arazoak.
X.A. + M.R.


© 2016 ideolab. Todos los derechos reservados | Pribatutasun-politika | Cookies | Legezko Oharra
Cookieak darabiltzagu webgunearen erabileraren gaineko estatistiketarako. Nabigatzen jarraitzen baduzu, onartu egiten dituzula ulertuko dugu.
EZ DITUT ONARTZEN - ONARTZEN DITUT COOKIEAK