Centro Cultural
Montehermoso
Kulturunea

Erakusketak


2018ko WORLD PRESS PHOTO

WORLD PRESS PHOTO 2018
Begiratu eta ulertu


Urriaren 20tik azaroaren 19ra
Asteartetik igandera : 11:00-14:00 eta 18:00-21:00. Astelehenetan itxita egongo da.
Ordutegi berezia, Azaroak 14, 11:00-14:00 eta 18:00-19:00

Aurten ere, 16. urtez jarraian, mundu osoko errealitateen lekukotzak biltzen dituen erakusketa Gasteizera iritsi da. World Press Photo argazki-kazetaritzaren arloko lehiaketarik garrantzitsuena da, 1955ean jaio zen, Holandan, eta edizio honetan aurkeztu diren 73.000 argazkien artetik hautatuak izan diren 152 onenak ikusgai izango ditugu hilabetez.

Irudi adierazgarri eta ahaltsu hauek argi eta garbi transmititzen digute informazio jakin bat, argiak harrapatu duen unearen biluztasunarekin, edertasun kutsu batekin eta hunkigarritasun pixel nahikotxorekin.

Aurtengo epaimahaiaren 17 kideek hori guztia ikusi dute edizio honetako irudi irabazlean: Nicolás Maduroren politiken kontra Caracasen antolatu zen protesta batean Víctor Salazar izeneko 28 urteko ikasle gaztearen gorputza sugarren artean. Ronaldo Schemidt berriemaile venezuelarraren argazki honek gertakari lazgarriak islatzen ditu, eta gainera, oso une gorabeheratsu batean ateratako argazki bat izanik, irudiak Sechemidt-en sen profesional landua islatzen du.

WPPren edizio hau bi nobedaderekin datorkigu: batetik, “Ingurumena” kategoria berria sortu da, eta bestetik, epe luzeko proiektuen atala indartu egin da.

Erakusketan, ingurua edo arriskua direla-eta muturreko baldintzatan jaso diren istorioak aurkituko ditugu, baita berez gutxi kontatzen dutela diruditen arren beren testuinguruaren berri izatean hotzikarak ateratzen dizkiguten eta harrituta uzten gaituzten argazki-kontakizunak ere. Hortxe dugu, adibidez, Magnus Wennman-ek erresignazio-sindromeari buruz egin zuen erreportajea.

Beti bezala, erakusketa hau irudi gordinekin eta arima zatituen argazkiekin datorkigu, baina istorio ederrak, harrigarriak eta ahaltsuak ere ez zaizkio falta. Kazetaritza grafiko dokumentalak horixe lortzen du. Gure planetaren urtebete 42 argazkilariren 152 iruditan laburbilduta. Guztira, 125 herrialdetako 4.500 argazkilarik hartu dute parte aurtengo lehiaketan.


WORLD PRESS PHOTO
1955an Amsterdamen sortu zen World Press Photo munduko prentsa-argazkilaritza lehiaketa entzutetsu eta garrantzitsuena da. Erakunde independentea da eta kalitatezko prentsa-argazkilaritzaren bitartez mundua ulertzen laguntzea du helburu. Herbehereetako Constantijn Printzearen babespean, prentsa-argazkilaritzarekin zerikusia duten hezkuntza-jarduera nahiz ekitaldi profesional anitz antolatzen ditu urtero eta argazki-erakusketa da, zalantzarik gabe, guztien artean nabarmenena.


© 2016 ideolab. Todos los derechos reservados | Pribatutasun-politika | Cookies | Legezko Oharra
Cookieak darabiltzagu webgunearen erabileraren gaineko estatistiketarako. Nabigatzen jarraitzen baduzu, onartu egiten dituzula ulertuko dugu.
EZ DITUT ONARTZEN - ONARTZEN DITUT COOKIEAK