Proiektu Artistikoak 2021
BOTANICAL FRENZY. Bego Antón
Inaugurazioa uztailaren 15ean, 19:00etan, artistaren eskutik
2022ko utzailaren 15etik irailaren 11ra, Lehenego solairuko aretoan
Asteartetik larunbatera: 11:00-14:00 + 17:00-20:00
Igande eta jaiegunetan: 11:00-14:00
Botanical Frenzy ikerketa bisuala da, kolonialismo botanikoaren eta landareekiko itsutasunaren historia jorratzen duena “orkideen sukarra” deritzon fenomenoaren bitartez.
Sir Joseph Bank-ek 1768an ekarri zituen lehen orkideak Europara, Ekialdeko Indietatik, Cook kapitainaren HMS Endeavour ontzian botanikari gisa bidaia luzea egin ondoren. Horrela piztu zen orkideen sukarra, lorea gizarte viktoriarraren estatus-ikur bihurtu baitzen. Aberats britainiarrek ehiztariak bidaltzen zituzten munduan barrena, ‘zientziarako orkidea berriak’ bilatzera. Haiek ez zuten inolako eragozpenik oihanak arpilatzeko eta loreak hazten ziren zuhaitzak moztu eta erretzeko, eta horrek beste espezie asko galtzea ekarri zuen. Bitartean, Britainiar Inperioan, orkideak enkantean jartzen ziren, milaka liberan.
Urteetan zehar, munduko hainbat tokitako lorategi botanikoetako zuzendariek eta museoetako komisarioek orkidea-ehiztarien epopeiak nabarmendu dituzte, heriotzari ere aurre egiten baitzioten, eta benetako heroitzat hartu dituzte. Baina, egia esan, askotan alde batera uzten dira espedizio haietan gertatu ziren gauza lotsagarriak.
Europako kolonoek naturaren eta gizakiaren arteko orekaren zati handi bat suntsitu zuten, orkideen sukarra ez baitzen inoiz gelditu. Gaur egun, munduan ezagutzen diren 380.000 landare-espezieen %20 desagertzeko arriskuan dago. Bestela esanda, kalkulatzen da bost landaretatik bat desagertzeko arriskuan dagoela.
Aribideko ikerketa honek esplorazio botaniko horiek hala kolonizatutako lurretan nola Europako kontinentean izan dituzten ondorioei buruz hausnartzen du, ibilbide bat eginez orkideen merkaturatzearen historian zehar, 1768tik (lehen landarea Europara iritsi zenetik) 1930-50eko hamarkadetara arte, orduan emakumeei aukera eman baitzieten azkenik haietaz gozatzeko.
Biografia
Bilbon jaioa da Bego Anton. Kazetaritza ikasi ondoren, argazkigintza dokumentalean espezializatu zen. Xehe-xehe aztertzen du giza-portaera argazkilariak, mundu naturalarekin dugun inplikazio psikologiko eta moralari buruzko hausnarketa egiteko baliabide. Bere biziko arreta pizten diote, era berean, interes arraroak dituzten gizatalde txikiek, horien bitartez egia, errealitatea, fantasia eta beste kontzeptu batzuk ikertzeko.
Besteak beste, New York Times egunkarian eta National Geographic, LeMonde eta CNN Photos aldizkarietan argitaratu ditu bere lanak. New York, Suitza, Alemania, Bilbo, Madril, Bartzelona eta Islandian egin ditu erakusketak. World Press Photo fundazioaren Joop Swart Masterclass programan parte hartzeko hautatu zuten 2014an. Errebelazio-saria irabazi zuen 2017ko PhotoEspañan.