2013ko uztailaren 12tik urriaren 6ra. 1. Solairua
Lara Montoya (Logroño, 1990)
'Naturaz'
Bere funtsa izadiarekiko lotura berreskuratzean datza, kontenplazio-moduan berreskuratu ere, estetika lagun. Paisaian bizitzearen kontzientzia hartu behar genuke, paisaian bizi garela konturatu. Paisaia ez da gorabehera geografikoen, geruza geologiko eta landaretzazkoek osatutako eraikinen multzoa, baizik eta horren guztiaren interpretazio sentsiblea, ikusten dugunaren barneratze pertsonala.
Ikus-entzunezkoen inbasioak, abiaduraren azelerazioa etengabeak, eta inguru espazial eta abisalen konkistak paisaia berrietan bizitzen irakatsi gaituzte, baita horretara behartu ere: lur azpiko, itsaspeko eta airetiko paisaietan alegia. Horrexegatik uste dut gertukoa baloratzen berrikasi behar genukeela, inguratzen gaituzten leku ez hain zoragarriak akaso, ez hain bitxiak, ez hain harrigarriak, baina hala ere gure eguneroko izaditik gertuagoak, zeinekin nolabaiteko lotura garatu behar dugun. Horrexegatik, beraz, hautatu ditut nire ingurune hurbileko paisaiak, asfalto artean sortzen diren landare txikiak, hiri barruko landaretza; hitz batean esateko, nire egunerokotasuna osatzen duten lekuetakoa.
Collagearen bitartez txikitzen ari garena berrosatzen saiatu naiz, zatika hausten ari den mundu baten puskak bildu eta lotzen. Hots, gizakia eta izadia berriro elkarrengana biltzen.