Centro Cultural
Montehermoso
Kulturunea

Erakusketak


GUDU-ZELAIAREN HEDAPENA

2014ko uztailaren 17tik irailaren 28ra. 1. Solairua

Ainhoa Akutain

Bilbon bizi da, eta bertan lan egiten du. Doktorego-tesia prestatzen ari da, hiri-paisaiako irudikapenaren imaginario erreaktiboari buruz, eta, horretarako, sakon aztertzen ari da situazionismoaren détournement praktika.

Spiagge Bianche, 2014

Bi argazki-sail, eta argazki kontestualen multzo bat, tamaina desberdinetakoak denak; hiru dimentsioko pieza, erretxinaz, eskaiolaz eta hareaz egina.

Spiagge Bianche izena hartzen du Toskanan dagoen 4 km inguruko area zurixkako itsasbazterrak, itsasaldetik kilometro batera kokatutako Solvay taldeko kimika-instalazioak botatako kaltzio-karbonatoko hondakinak mende batez metatuz sortua denak. Belgikako kimikari eta enpresaburu garrantzitsua izan zen Ernest Solvay, XIX. eta XX. mendeen artean bizi izan zena, eta hark kokatu zuen alderdi horretako paisaia zehaztuko zuen enpresa: fabrikan betetzen duten hierarkiaren arabera langileak banatzen dituen lorategi-hiri bat. Enpresako ordenaren araberako plangintza eta diziplina dituen udalerri bat; Pierre Francastelek ohartarazi zuenez, perspektiba zentrala inposatu zuen Europako kapitalismoak hain berezkoa duen ordena eta arrazionaltasunaren ereduaren konplizea.

Arlo artistikoan, perspektiba zentralak mimesia lortu nahi du irudikapenean, hiru dimentsioko perspektiba sakoneraren itxura betetzen duen bi dimentsioko perspektibara eramanda. Egiantzeko artifizialtasunaren logika horri jarraiki, Ainhoa Akutainek laukizuzen positibo eta negatiboaren forma sartzen du paisaian: hutsunea (Zuloa) eta moila (Kaia), argazkian ezinezko geometria arrazionalistarekin bat eginda.

Otto Stelzer-ek bere garaian esan zuenez, argazkiaren hedapenak perspektiba zentralak agindutako perspektibaren garaipena ekarriko zuen. Artistaren esku-hartzeak hautemateko modu horri eusten dion irudikapena bestelakotzen du, eta hondartza zuri hauen oinarrian dagoen lilura erakusten du: ederrak eta makurrak dira aldi berean, itsasalde tropikalaren itxurapean, kutsatutako natura-ingurunea baitute ezkutaturik, boterearen eraginez eratutako lurralde bat. Harreman dialektiko bera dute agerian instalazioko eskultura-piezek: hondar zuria, erretxina eta eskaiola nahastuz, paisaia hori eratzen duten geruzak islatzen dituzte.

Ainhoa Akutain
© 2016 ideolab. Todos los derechos reservados | Pribatutasun-politika | Cookies | Legezko Oharra
Cookieak darabiltzagu webgunearen erabileraren gaineko estatistiketarako. Nabigatzen jarraitzen baduzu, onartu egiten dituzula ulertuko dugu.
EZ DITUT ONARTZEN - ONARTZEN DITUT COOKIEAK