2014ko uztailaren 17tik irailaren 28ra. 1. Solairua
Gasteizen jaio zen, baina Bilbon bizi da. UPV/EHUren Zeramika: Artea eta eginkizuna masterra egiten ari da bertan.
Destructuración Craneal, 2014
Eskultura-instalazioa, zeramikazko piezez eta altzari-pieza aldakorrez egina.
Mikel Callejaren obrak moldeekin sortutako forma antropomorfikoen bidez ikertzen du eskultura, erakusketako espazio eta altzariekin bateratuta.
Hemen, zeramika zuri distiratsuz egindako hainbat forma ditugu ikusgai, kontraste bortitzean aretoko altzari eta arkitekturaren forma zurrun eta ilunekin. Destructuración Craneal lanak harridurazko espazio bat sortzen du; bertako osagaiak oreka hauskorreko harremanean daude, erortzeko zorian. Portzelanazko piezek antzemateko zaila den hezur-fisionomia ekartzen digute gogora, indusketa arkeologiko berri edo historikoen imaginarioari dagokiona; zatikatutako geografia fisiko eta sozial bateko hondar deserosoak eta keinu bizkorgarriak. Izan ere, artistaren lanak badu antzik arkeologoaren eginkizunarekin: beste pieza batzuen hondarren mihiztadura bat da pieza bakoitza, eta denbora eta arreta zehatza behar dira muntatze-lana egiteko.